XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Era berean, danak haretx-motzak eta batere inausi bakoak zirala esaten da; ez da lar harritzekoa ere, lehenengoak errentagarriagoak ziran eta.

Inausitako haretxak adar nagusia hazten izten jakenak ziran, modu horretan, enborra eraikuntzarako habe legez erabili eitekealarik.

Erret Itsas Armadak, kostaldetik hur egozan basoen zati bat, habeak ontzigintzara zuzenduko ziran mota honetako zugatzez osotuta egotea eskatzen eban.

Halan eta guztiz ere, haretxak eten barik mozten ziran, holan ikatz bihurtzeko adar ugari lortzen zalako, hau da, errentagarriago zalako.

Zelan edo halan, horrek, XVIII. gizaldi amaieran nabari-nabari egin zan eraikuntzarako egur eskasia ekarri eban.

Ikusi genduanez, sasoi haretako baserriak, familia bi bertan bizitzeko eregiten ziran; horrek, nekazal irabazien murrizteari aurre egiteko balioz gain, eraikuntzarako egur eskasia eta berak ekarren egurraren karutasunari erantzun eikion.

Fernández de Pinedok 1760 urte inguruan egurraren eskaria eta eskeintzaren artean desorekea egoala dino (1)FERNANDEZ DE PINEDO, E.: Crecimiento económico y transformaciones sociales en el Pais Vasco; guk 1747an ere baegoala nabaritu dogu, Lezamako jendea zugatzak ebagitera Larrabetzura joialako (2)A.H.A.: 738 Leg. 9.zb. Mendiak, basoak., eta 1764an, ezelango erizpide barik zugatzak moztuten ziralako (3)A.H.A.:1554 Leg. 29. zb. Mendiak, basoak..

Beste ondorioa, baserrien eraikuntzarako habe handien desagertzea izan zan, euren ordez harrizkoak jarriz; holan, XVIII. gizaldian, zutabeak desagertu, eta egurrezko ataburudun atarteen ordez, arkuz eginak nagusituz joan ziran.

XVII. gizaldian, basoak, Larrabetzuko lur-eremu handia hartu ei eban; basoaren luze-zabalereak, burdinola aldiagaz zerikusia eukan, hortik etorren zugatza zaintzeko eta berlandatzeko ardurea eta.

Halan eta guztiz ere, demografi hazkundea goldatutako lurren luze-zabaleran baino ezin eitekean oinarritu, eta hori, basoen kalterako, jakina.

Beraz, Antzinako Erregimenean zehar basoak atzerapausua emon ebala argiro esan daikegu.

Hasiera batean, lurrik beherenetan hedaturiko artoak ez eukan basoan zuzen-zuzeneko eraginik, baina bai landaketek baztertu eben abeltzantzak.

1621ean, ahuntzek eta txarriek Bizkargi mendian ikaragarrizko kalteak sortzen ebezala esaten zan (4)A.H.A.: 32 Leg. 33. zb. Abereak..

Garia bera ere, leku garaietan ereiten zan, eta Iturrizak dinoanez, XVIII. gizaldi amaieran oso leku jagitsuak hartu ebazan.

Basoen atzerakadeak, berebiziko ondorioak ekarri eutsozan ikazkintzari, XVIII. gizaldiaren 30. hamarkadatik aurrera ekoizpena ikaragarri murriztuz (ikazkintzaren gaineko arazoak burdinolen atalean jorratuko doguz), Larrabetzuko burdinolek garrantzia hartu ebenean hain justu.

1685 eta 1714an, herriko ekoizpena, beste udalerri batzutatik ekarritako produktuez ordezkatu behar izan zan, bai ikatzari, bai mendi erosketei (batez ere Galdakaoko mendiei) jagokenean.

Baina ikazkintza ez zan kaltetutako jarduera bakarra; dakigunez, satsa behar-beharrezko zan lugorrietara gero eta gitxiago joten eban nekazaritzarako.

Irea eta otea, abereen azpigarri eta ongarri legez erabiltzen ziran, eta zentzun horretan ezinbestekoak.

Baso jabeek oihaneko errekurtsoak gero eta gehiago kontrolatzen ebezanez, ikatza eta ongarriak lortzea gatxa zan.